ES | EU
Gobierno Vasco

Barne araudia

ESKOLARA ETORTZEA

  • Ikasleentzat, eskolara etortzea eskubidea eta betebeharra da.
  • Egunaren batean ikasle gutxi eskolara etortzeak (edozein arrazoi dela medio), ez die baimenik ematen zentroari eta irakasleei  eskolarik ez emateko. Eskola arrunta eman behar da.
  • Klasera ez etortzeak, idatziz justifikatuko dituzte ikasleek ahalik eta lasterren, horretarako:
    • Atezaintzan justifikapen-agiria eskatu (edo hemendik deskargatu).
    • Justifikapen-agiria beteta eta sinatuta irakasleei aurkeztu, hauek oniritzia emateko.
    • Irakasle guztiei erakutsi ondoren, justifikapen-agiria tutoreari eman, berak gordetzeko.
  • DBHko ikasleren batek, gaixoketarengatik, bi hilabete baino gehiago falta behar badu, etxeko laguntza hartzeko eskubidea du. Zuzendaritzaren bitartez eskatu behar da idazki hau aurkeztuz.
  • Ikaslearen ez etortzeak ordezkari legalak bakarrik  justifikatu ditzakete. Adinez nagusiak diren ikasleek bere kabuz justifikatu nahi baitituzte faltak, lan harremanetarako baliagarriak diren ziurtagiriak aurkeztu behar izango dituzte.
  • Justifikapen-orria irakasleei astebeteko epean aurkeztu behar die ikasleak.
  • Irakasleek egunero kontrolatuko dute eskolara etortzea.
  • Asistentziaren informazioa, web orriko “IKASTEA” botoian sakatuz ikusi daiteke. Baita ere, notak ematen diren bakoitzean.
  • Ikasleak, urtean zehar, ikasgaiaren ehuneko 15ko ikastorduetan ez bada etorri eta ez badu justifikatu, ebaluaketa partzialaren eskubidea galduko du, eta ezohiko ebaluaketan  soilik gainditu dezake ikasgaia. (ehuneko 15ko ikastorduak hauexek dira: astean 4 orduko ikasgaietan, 18 ordu; astean 3 ordukoetan, 13 ordu; astean 2 ordukoetan, 9 ordu; eta astean ordu batekoetan, 5 ordu)
  • Ikasleen justifikatu gabeko ez etortzeak izango duen zigorra Euskal Autonomi Elkarteko unibertsitateaz kanpoko ikastetxetako ikasleen eskubide eta betebeharrak 201/2008 Dekretuan zehaztutakoa izango da.
  • DBHn suertatu daitezken deseskolarizazio edota hilean ehuneko 20ko ez etortzeak Hezkuntzako Ikuskaritzari eta udal Gizarte Zerbitzuei jakinaraziko zaizkie.

 

 

IKASTETXETIK IRTETZEA

  • Adin txikiko ikasleek ezin dute ikastetxetik irten eskola orduetan gurasoen baimenik gabe. Baimen hori Zuzendaritzari helaraziko zaio: baimen-agiria (atezaintzan ere jaso daiteke) aurrez entregatuz, posta elektronikoz jakinaraziz (014299aa@hezkuntza.net) edo telefonoz deituz zuzendaritza taldeko edonori.
  • 18 urte baino gutxiagoko Batxilergoko ikasleak atera daitezke atsedenaldietan eskola-esparrutik legezko tutoreen baimenarekin. DBHko adin txikiko ikasleak ezin dira atera atsedenaldietan.
  • Irakasleren bat ez bada etorri, ikasleek, bai DBHkoek bai Batxilergokoek, gelan egon behar dute zaintzako irakaslearekin batera. Batxilergoko kasuan, lehenengo edo azken orduan aurreikusten bada irakasle bat ez dela etorriko, Zuzendaritzak, ordu horietara ez etortzea baimendu dezake. 18 urte dituzten ikasleak ez daude klasean egotera derrigortuak.

 

ORDUZ IRISTEA

  • Eskolara ordurako etorri behar da.
  • Txirrinak jotzen duenean ikasleek gelan egon behar dute. Irakasleak atea itxi dezake eskolaren hasieran, eta berandu datozen ikasleei ez utzi sartzen. Kasu honetan, ikasleak liburutegira joango dira.

 

DISZIPLINA

  • Ikasleak eskola txartela berarekin eraman behar du,  institutuko irakasleek edo bestelako lankideek eskatu  baitezakete ikaslearen nortasuna jakiteko; eta era berean,  beharrezkoa izango du liburutegian maileguetarako.
  • Musika tresnak eta sakeleko telefonoak gordeta eta itzalita egon behar dute eskola orduetan. Ikasleak ez badu betetzen, "jokaera desegokitzat" hartuko da,  irakasleek tresnak konfiskatuko dituzte, eta zuzendaritzan gordeko dira aita/ama bila etorri arte. Adin nagusiko ikasleei, eguneko eskola-ordutegia amaitutakoan itzuliko zaie. (OOGak 2013ko maiatzaren 29ko bileran onartutako erabakia).
  • Balio handiko gauzarik ez ekartzea gomendatzen da. Ikasle bakoitzak bereak diren gauzak zaindu behar ditu. Ikasleek galdutako edo lapurtutako tresneriari buruzko erantzunkizunik ez du ikastetxeak izango.
  • Eskolan jokabide desegokia duen ikasleari, irakasleak idatzizko ohartarazpena luzatu ahal dio eta, era berean,  jokabide desegokia errepikatzen bada, ikaslea gelatik kanporatu liburutegira bidaliz.  Idatzizko ohartarazpen-orria hurrengo egunean sinaturik ekarriko dio ikasleak irakasleari, bestela, ohartarazpen-orri berri bat emango zaio ikasleari, aurreko egunekoarekin pilatzeko.
  • Ikasle bati bizikidetzaren kontrakoak diren jokabideengatiko espedientea irekiko zaio hiru idatzizko ohartarazpen metatuz gero. Eta ikasleak horrelako hiru espediente metatzean, bizikidetzari kalte larria egin dioten jokabideengatiko prozedura irekiko zaio eta ikastetxetik denboraldi baterako kanporatua izan daiteke.
  • Ezin da egon pasalekuetan ikasgaien etenaldietan.
  • DBHko ikasleek, komunera joateko, eskolaren hasieran irakasleari baimena eskatu behar diote. 
  • Eskolaren hasieran, ikasleek mahai gainean izango dute beharrezko materiala (irakasleak esandakoa).
  • Ikasleen mahaiak banaka egongo dira ikasgeletan.
  • Atsedenaldietan gelak itxita egongo dira.

 

AKOSO ESKOLARRA (BULLYING)

  • Akosaturik sentitzen den ikaslerik bada, tutorearengana, orientatzailearengana edo zuzendaritza taldeko edonorengana jo behar du laguntza eske.
  • Ikastetxe honetan ez da inolako akosorik onartzen.

 

LIBURUTEGIA

  • Lan egiteko eta ikasteko lekua da; beraz, han daudenek, isilik eta banaka lan egin edo ikasi behar dute. Atsedenaldietan ere.
  • Arau hau betetzen ez duten ikasleei amonestazioa emango zaie eta kanporatuak izango dira.
  • Liburuen mailegua:  Liburuen eskaerak eta itzulketak atsedenaldietan izango dira, horretarako eskola-txartela aurkeztuz.
  • Liburuen mailegua 15 egunetarako izango da, eta ikasleak  liburua denbora gehiagorako behar izanez gero, liburutegiaren arduradunarekin  mailegua berriztatu behar  izango du.
  • Liburuak garaiz ez badira itzultzen, ikasleari ohartaraziko zaio eta, hala eta guztiz ere, ikasleak liburua ez badu itzultzen, ez du jasoko ebaluazioaren  kalifikazio-orria. Horrez gain, ez du eskubiderik izango liburu gehiagoren maileguan eskatzeko.
  • Ordenagailuen erabilera:  Informazioa bilatzeko edota lan egiteko soilik daude erabilgarri.
  • Eskolaz kanpoko jardueratan parte hartzen ez duten ikasleek liburutegian, lanean, egongo dira ordu horietan.

 

 

 

GAINDITU GABEKOEN AZTERKETAK (Barne-funtzionamenduko azterketak dira)

  • DBH:  hiru deialdi: irailean, martxoan eta ez ohiko deialdian
  • BATXILERGOA:  lau deialdi: irailean, martxoan, ohiko eta ez ohiko deialdietan

 

INSTALAZIOEN  MANTENDURA ETA MATERIALAREN KONTSERBAZIOA

Eskola-komunitatearen partaide guztien ardura da ikastetxearen instalazioak garbi eta txukun mantentzea:

  • Edozein kalte edo matxura Idazkariari edo zuzendaritza taldeko edonori jakinarazi behar zaio.

  • Gauzak botatzea debekaturik dago. Ikastetxean birziklatzeko zabor-ontzi desberdinak daude.
  • Ikastetxean kartelak edo afixak eskegitzeko, zuzendaritzaren baimenarekin eta zigilua ezarrita izan behar  dute. Ohar ofizialak errespetatu behar dira.
  • Ikastetxearen ateetan, beiretan, paretetan, mahaietan edota aulkietan idaztea debekatzen da eta zuzendaritzak zikindutakoaren garbiketa agindu dezake.
  • Ikastaldea bere gelako materialaren erantzulea izango da, hots, ezabagailua, klarionak, telebista, bideoa eta abar kontserbatzeko arduradunak.
  • Ikasleek ez badute ikastetxearen instalazioak edota ondasun higigarriak errespetatzen (zuzen erabiltzen), kaltetutako ondasunen konponketen ordaina ikasleei eskatuko zaie, norbanako erantzukizuna aplikatuz posiblea den neurrian.  Ikastalde osoaren erabilpen okerraren ondorioz, ondasunetan kalteak badaude, taldeari edota kaltegile multzoari eskatuko zaio diru-ordaina.  (1999ko martxoaren 24an O.O.G.ak onartua)
  • Takilen erabilera: Ikasleak bere takilaren giltza galtzen badu tutoreari jakinarazi behar dio ahalik eta lasterren. Ikasturtearen amaieran, takilaren giltza bueltatu behar du ikasleak eta takilak garbi eta txukun egon beharko du.

 

GAIXOKETAK ETA ISTRIPUAK

  • Eskola orduetan ikasle bat gaixorik sentitzen bada edo istripuren bat jasatzen badu, dagokion irakasleari edo zuzendaritza taldeko edonori jakinarazi behar dio hartu behar diren neurriak hartu ditzaten. Beharrezkoa ikusten bada, familiari abisatuko zaio lehenbailehen bere bila etorri daitezen. Ikasleak ez dira inolaz ere euren kabuz etxera joango.
  • Ikasleei ez zaie inolako botikarik emango (ibuprofeno, paracetamol...).

 

OSASUNA ETA SEGURTASUNA

  • Eskola elkartea osatzen dugun guztion erantzunkizuna da osasuntsua eta segurua den esparru bat izatea.
  • Arriskutsua izan daiteken zerbait ikusten baduzu, horren berri eman lehenbailehen zuzendaritza taldeko edonori.
  • Erretzea eta alkoholdun edariak edatea debekatuta dago eskola esparru osoan.
  • Ikasleren bat harrapatzen bada legez kanpoko sustantziekin, Ertzaintzari jakinaraziko zaio.
  • Segurtasunerako dagoen tresneria (estintoreak adibidez) guztiz errespetatu behar dira.
  • Sute baten aurrean, ikastetxeko arduradunei abisatu lehenbailehen eta ahalik eta laisterren eta seguruen irten. Ez denborarik galdu zure gauzak jasotzen.
  • Arreta haundiz jarraitu urtero egiten den ebakuazio simulakroa.

 

 

 

EBALUAZIOAK ETA KALIFIKAZIOEN ERREKLAMAZIOA

  • Ebaluazioaren ostean tutoreak ikasleari kalifikazio-orria emango dio. Ikasleak, astebeteko epean kalifikazio-orria itzuli behar izango du, gurasoek sinatuta.
  • Ikasleek, lanen edo proben kalifikazioa berrikusteko  ahoz eska diezaiokete irakasleari, kalifikazioa ezagutu eta hurrengo bi eskola-egunetan.
  • Ebaluazio partzialen erreklamazio-prozesua: Ikasleak irakasleari edo tutoreari ahoz zein idatziz aurkeztu diezaioke erreklamazioa, kalifikazioa ezagutu eta hurrengo bi eskola-egunetan. Irakasleak ahoz edo idatziz erantzungo dio (erreklamazioa jaso duen eran). Erreklamazioa ez bada aintzat hartu, ikasleak mintegiaren irizpidea eska dezake, ahoz zein idatziz, eta tutorearen bidez. Mintegiak ikasleari jakinaraziko dio bere irizpidea ahoz edo idatziz  (erreklamazioa jaso duen era berean).
  • Amaierako kalifikazioen erreklamazio-prozesua: Kalifikazioak jaso ondoren 48 orduko epea izango du ikasleak erreklamatzeko, horretarako zuzendariari zuzendutako idazkia idazkaritzan  aurkeztu behar du eta zuzendariak dagokion mintegiari luzatuko dio erreklamazioa. Mintegiak bi eguneko epea du erreklamazioa askatzeko eta zuzendariari luzatuko dio erabakia, honek ikasleari jakinarazteko. Erreklamazioa ez bada aintzat hartu, eta ikaslea ez badago ados, aukera izango du prozedura aurrera jarraitzeko. Horretarako, zuzendariari idatzizko erreklamazioa luzatu eta zuzendariak Hezkuntza Administrazioari  helaraziko dio, Administrazioak erabaki dezan.

Barne arauen ez betetzea  indarrean dagoen legediaren arabera zigortuko da (201/2008 Dekretua, abenduaren 2koak, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako ikasleen eskubideei eta betebeharrei buruzkoa), neurri zuzentzaileak aplikatuz. Neurri hauek irakasleak emandako ahoz edo idatzizko ohartarazpenetik hasita, zuzendariak ikaslea behin-behineko kanporatzeraino izan daitezke,  zuzendu beharreko jokabidearen proportzionaltasunaz. (Kanporaketak, prozedura bete arte iraun dezake).

 

© IES JULIO CARO BAROJA BHI
Telefonoa: 944306443 | Fax: 944306450 | 014299aa@hezkuntza.net